Tolosa erdigunean zabaldu den Tolosaldeko turismo bulego berriaren diseinua eta exekuzioa gauzatu ditu Basokok.
Bulego hau diseinatzerako orduan, Tolosaldearen historiarekin eta ingurunearekin lotura estua duten elementuak erabili dira, bisitariek eskualdearen izaerarekin bat egin dezaten.

1. Egurra
Euskal arkitekturan bereizgarri diren baserrietara eta inguruko basoetara garamatza egurrak. Intxaurrondo-zura aukeratu zen, horretarako, garai bateko kale-sagardotegien iluntasuna islatu asmoz. Era berean, kolore ilun hori kalitatearen sinonimo ere bada.

2. Landareen berdea
Berdea da Tolosaldea, mendi eta basoz inguratutako paisaiez josia baitago. Eremu natural horren erakusle, landareak jarri ziren, egurrarekin kontrastean. Bulegoaren patioan aurki ditzakegun landareak irudikatu ziren.

3. Jendea
Argi genuen bisitariekin interakzioa izan behar duen espazioa dela bulego berria. Hori dela eta, egurrezko harmaila bat jarri zen, eremu publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa egiten duena. Gailu elektronikoak kargatzeko puntuak daude harmaila horietan, eta bertan eserita informazioa topatzeko behar duten denbora har dezakete bisitariek. Bada, zergatik ez dira beste modu batera banandu bi eremu horiek? Kanpoaldetik atzeko beiratea ikusiz, zabaltasuna transmititzeko.

Ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, ongi etorriak izango zarete!

